2015/01/22

ANTZERKIA: Dagoll Dagom eta "Mar i Cel"

      Erdi Aroko garaian hasi zenetik, katalanezko antzertiak gorabehera asko pairatu ditu. Hala ere, une egokian dago orain, nahiz eta ekoizleak eta aktoreak beti kexu diren. Hain zuzen ere, aurreko egunean antzokira joan nintzen “Mar i Cel” (Itsasoa eta Zerua) ikustera. Obra hori DagollDagom konpainiak jokatzen du.

60ko – 70ko hamarkadan zenbait antzerti-talde azaldu ziren Katalunian. Lehenengoa Els Joglars izan zen, eta geroago Comediants, Dagoll Dagom, La Fura dels Baus eta La Cubana. Guztiak oraindik jardunean dabiltza eta muntai asko egin eta egiten dituzte.


Joan Ollék (zuzendaria eta poeta) sortu zuen Dagoll Dagom 1974 urtean. Orain Joan Lluís Bozzo, Ana Rosa Sisquella eta Miquel Peirel dira zuzendariak. Egindako ikuskizun gehienak musikalak dira baina, telebistako sail batzuk ere egin dituzte. Lehenengo obra Rafael Albertiren poemetan oinarritzen zen (Yo era un tonto y lo que he visto me ha hecho dos tontos); gero Nocturn per acordió (Nokturnoa akordeoirako) Joan Salvat Papasseit-en olerkiekin eta Ramon Muntaner eta Lluís Llac-en musikarekin.


Hala ere, 1978an Antavianarekin behin betiko jauzia egin zuen musikalera. Pere Calders-en ipuinetan oinarriturik zegoen, eta musika Jaume Sisa-rena zen. Orain arte 24 antzezlan eta 5 telesaiok osatzen dute konpainiaren lana.



 Xavier Bru de Sala-ren testuarekin eta Albert Guinovart-en musikarekin, 1987 urtean aurkeztu zuten lehenengo aldiz Mar i Cel. XIX. – XX. mendeko dramagilea izan zen Àngel Guimerà-ren obra homonimoan oinarrituta dago; gero 2004an eta orain, berriro, konpainiaren 40 urteak ospatzeko. 



 Eszenografia ikusgarria da. Itsasontzi handi eta higikor batek eszenatokia betetzen du, beti bezala, baina, gaur egungo bertsioan, teknologia berriekin, efektu berezi asko erantsi dizkiote eszenografiari. Horiekin askoz ikusgarriago bihurtu da.

Eta orain argumentua:
 1609an, Madrilen,  Valentziako erregeordearen onespenarekin, Felipe III. erregeak moriskoak kanporatzea agintzen du. 20 urte geroago itsasontzi pirata batek ontzi kristau bat abordatu du. Piratek Valentziako erregeordea eta bere familia  harrapatu dituzte.


Gatibuekin kapitainak duen jokaera ez da beste pirata batzuena bezain txarra, eta zenbait egoeratan tratu txarrak saihesten dizkie gatibuei. Horren ondorioz erregeordearen alaba (Blanca) kapitainaz (Said) maitemindu da, nahiz eta duda asko izan, zeren bera kristaua da eta hura musulmana. Aita horretaz konturatu denean, ezin du onartu eta tripulazioak ere ez. Orduan tripulazioak matxinada antolatzeko asmoa du kapitaina eta gatibuak hiltzeko. Hala ere, kristau arnegari den pirata batek erregeordearekin akordioa lortu du, eta beretarrak traizionatu ditu.
Kristauak arma guztien jabe egin dira. Piratak ustekabean harrapatuz, banan-banan hiltzen dituzte.
 Biharamunean, erregeordeak Said urkatu nahi du baina, hori egiten badu, Blancak bere burua hilko duela esan dio aitari. Said masta nagusian lotu dute, eta Blancarekin utzi dute, agur esateko elkarri. Blancaren senargaiak agindu dio Said aske utziko duela, hura berarekin itzultzen bada. Blancak onartu egin du. Hala ere, azken momentuan aita azaldu da, eta tiro egin dio Saidi. Blancak hitza bete du. Ezkutuan daraman dagarekin bere buruaz beste egin du.

Istorio hori maitasun istorio hutsa iruditu arren, kanporatzeko dekretu eta dialogoak entzutean, gaur egungo egoeran gaudela dirudi. Eztabaida betikoa da: musulmanak versus kristauak. Eta arrazoiak eta argudioak ere berak dira. Ia 500 urte geroago oraindik ez dugu 
bakean elkarrekin bizitzea lortu.   

Hemen dago bideoa abesti batzuekin.

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada