2016/07/04

REUS

Uda berriro. Oporrak. Nora joan? Euskal herritar asko, ohi bezala, Saloura joango dira. Horregatik bisita interesgarria egitea gomendatu nahi dut. Nora? Reusera. Hiri hau deskubritu dut duela gutxi eta oso interesgarria eta polita iruditu zitzaidan.

Nahiz eta aztarnarik ez egon, Erdi Aroko hiria da Reus. XVI. eta XVII. mendeetan zehar Reusek oso hazkunde nabarmena izan zuen. Hala ere, XVIII. mendean garapen handiagoa izan zuen, bai biztanle-kopuruan, bai industrietan. Garai hartan Kataluniako bigarren hiri handiena izatera heldu zen. XIX. mendearekin batera antzinako erregimenaren bukaera iritsi zen, eta kultur mugimendu guztien erreferentziako hiri bihurtu zen Reus. Gaur egun Reusek hiri modernoa izaten jarraitzen du. Komertzio- eta berrikuntza-gunea da, batez ere elikagai-teknologian. Horretaz gain, kultur eskaintza zabala eta anitza ere badu. Hain zuzen ere, oraingo honetan bertako arte-ondarea aurkeztu nahi dizuet.

XX. mendearen hasieran Modernismoa iritsi zen hirira Lluís Domench i Montaner-en eskutik. Pere Mata Institutua egiteko eskatu zioten arkitekto horri. Hortik, hain zuzen ere,  hasiko dugu Modernismoaren ibilbidea. Ezin daiteke eraikin osoa bisitatu,
pabiloi bat baino ez, zeren Institutu hori ospitale psikiatrikoa da, eta oraindik funtzionatzen ari da. Pabiloi hori gaixo aberatsentzat zen. Eraikin horren egitura eta Sant Pau ospitalearena antzekoak dira, azken finean arkitekto berak diseinatu baitzituen biak. Hala ere,Pere matan  neurriak txikiagoak dira; ez da Sant Pau bezain izugarria, baina bai hura bezain polita.

Pere Mata Institutuaz gain, ehunen bat eraikin modernista daude Reusen: etxe-bizitzak, eraikin publikoak, saltokiak … Garai hartako gizarte-burgesaren isla dira eraikin horiek. Gure ibilbidean 26 fatxada ikus ditzakegu. Batzuk ondo babestuta daude, baina beste batzuk, tamalez, ez. Gaur arte ondo iritsi zitzaizkigunen artean Navàs Etxea, Rull Etxea eta Gasull Etxea dira politenak, eta bisita daitezke. Haietako bakoitzak bere historia dauka. Oro har jabeak industria-gizon edo merkatari aberatsak ziren.


Hala eta guztiz ere, Reusen ez dago Modernismorik bakarrik, beste kultur osagai batzuk ere badaude. Hauetako bat da Centre de Lectura (Irakurtze Zentroa). Zentro hori 1859an sortu zen ateneoa da. Gaur egu
n liburutegi handi bat dauka, eta baita goi-mailako arte-funtsa ere. Funts horretan XIX. eta XX;mendeetako lan aipagarriak ditu. Gainera, irakaskuntza eskaintza garrantzitsua du eremu artistiko guztietan. Zentro barruan Bartrina Antzokia dago. Antzoki horretan ikuskizun mota guztiak egiten dira, operatik hasita umeentzako ikuskizunetaraino.


Orain arte esandakoa Reusen zati txikia da. Ez dut ezer aipatu  kaleei buruz edo plazez edo Fortuny Antzokiaz edo pertsona ospetsuez … Baina orri honetan ezin da gauza guztiei buruz hitz egin. Joatea hobea da (nik gomendatzen dizuet) eta bisita gidatua egitea. Benetan merezi du.




Argibide gehiago jasotzeko:
www.reusturisme.cat
infoturismo@reus.cat

Turismo bulegoa
Plaza Mercadal,3
Reus
Tf. 977010670

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada