2016/01/11

BARTZELONAKO DISEINUAREN MUSEOA

Bartzelonako  Diseinuaren Museoa oso berria da zeren 2014ko abenduan zabaldu  zen. Hala ere, museo horretan beste museo batzuen bildumak bateratu dira: hain zuzen ere, Dekorazio-arteetako Museoarenak, Zeramika Museoarenak, Zeramika, Museoarenak, Zuntz eta Jantzen Museoarenak eta Arte grafikoen Kabinetearenak. Disseny Hub Bartzelona eraikinean kokatua dago Museoa Glòries Catalanes plazan, hain justu.
Bartzelonako Erakusketa Unibertsaletik (1888) aurrera, diseinuarekin lotuta dagoen hiria da Bartzelona. 1902an zabaldu zen Arkeologa eta Dekorazioaren Museoa eta 1903an hasi zen Dekorazio-arteak sustatzeko elkartea. XX. mendean zehar sortu ziren Diseinuaren Museoa orain osatzen duten museoak.
Gaur egungo Museoak ondare hirukoitza gordetzen du:
- Dekorazio-arteen bilduma historikoak (altzariak, zeramika, beira, ehundurak, erlojuak ... )
- Diseinu-bildumak (produktuena, grafikoa eta moda)
- XX.-XXI. mendeetako egile-artelanak (zeramika, esmaltea, bitxia … )
Halaber, proposatzen digu zein izan behar den XXI. mendean  diseinu-ekarpenari buruzko hausnarketa.
Lau erakusketa iraunkor daude, solairu banatan.


Lehenengoan Mundutik Museora izena duen erakusketa dago. Han daude erreferentzia-objektuak, prototipoak, pertsonalizatuak eta abangoardiakoak zenbait eremutan sailkatuta. Guztiak bereziak dira diseinuarengatik, materialengatik, onarpenarenagatik, azken batean,   berritzaileak izateagatik.  Haietako batzuk ohiko erabilerakoak dira, adibidez . zukugailua, iturria, ozpin-olio ontziak etab.

Bigarrenean lehengo museoetan zeuden III. mendetik XX. mendera bitarteko bildumak, piezak bakanak eta egile-artelanak daude. Bildumak ordena kronologikoan jarrita daude eta pieza bakan horiek tipologiaz, materialez edo produkzio-lekuz sailkatuta daude. Horrela bai ehun koptoak, bai paper pintatu modernoak ikus daitezke; baita zeramikak, altzariak, gurdiak … eta izen propioko obrak.

Igotzen jarraitzen badugu, Jantzitako gorputza: Siluetak eta moda izena duen erakusketa dago. XVI. mendetik XX. mendera bai gizonezkoen, bai emakumezkoen soinekoak daude. Horietako batzuk diseinugile ospetsuenak dira. Horretaz gain, siluetak eta bolumenak sortzen laguntzen duten kortseak eta barruko egiturak ere ikus daitezke.

Eta azkenean, laugarren solairuan Diseinu grafikoa: Lanbide izatetik ikasketa izatera (1940 – 1980). Gela honetan kartelgileen eta publizitate-marrazkigileen lehenengo lanak erakusten dira, eta, urratsez urrats, diseinu grafikoa nola sendotu zen ikustera eramaten gaituzte. Lagina oso anitza da: publizitate farmazeutikoa, automobilgintza, garraioak, liburu azalak … Ez da erakusketa bukatua, museoaren asmoa da jarraitzea.


Erakusketa iraunkorrez gain, erakusketa ibiltariak ere antolatzen ditu museoak eta, gainera, liburutegia, artxibategia eta heziketa-programak eskaintzen dizkigu. Horregatik, interesgarria da museoa bisitatzea.

Bideoa egin dut  laburpen gisa. Ea gustatzen zaizuen.


Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada