2012/12/17

PAPER-ERROTA MUSEO BATERA BISITA

          Museo hau Capellades herrian kokatua dago, Bartzelonatik 60 kilometrora, XVIII. mendeko antzinako paper-errota batean. Eraikin ondoan uraska bat dago. Uraska hori lurpeko akuifero baten irtenbide naturala da, eta errotak aprobetxatzen zuen ura turbina, eta harekin batera zenbait mazo, mugitzeko.
          Errota papera produzitzen aritu zen XX. mendearen hasieran arte, eta 1958an museo bihurtu zen, museoa eta baita lantegi ere zeren eta oraindik enkarguz papera egiten
dute. Hori bai, orriak banan-banan eskuz egin arren, makinak modernoak dira eta elektrizitateari esker ibiltzen dira.
          Orain aspaldiko prozesua azaltzen saiatuko naiz.
          Landare-zuntzezko trapu zuriak ziren lehengaia ( kotoizkoak edo lihozkoak ). Trapu zuriak kolorezkoetatik bereiztea zen lehenengo pausua eta, horrekin batera, zatitxoetan ebakitzen zituzten. Gero ontzi batera pasatzen zituzten hautsa kentzeko. Hori bukatu ondoren, biltegi batean sartzen zituzten, eta han urarekin eta errautsekin nahasten zituzten ondu arte. Ondu eta gero beste biltegi batzuetara eramaten zuten orea, eta han mazo handiarekin zapaltzen zuten orearen zuntzak ondo txikitzeko.
 
 
          Azkenik oso paper-ore fina lortzen zuten, fina baina lodia, eta paper-motaren arabera urarekin diluitu behar izaten zen.
          Paper-orea prest zegoenean, papergilearen lana hasten zen. Maze batekin paper-orea hartzen zuen, eta ura iragazi ondoren, artilezko xaflen artean jartzen zuen orri bakoitza.
          Orri-kopuru egokia lortzen zuenean, prentsan jartzen zituen ura idokitzen bukatzeko. Gero lehortegira eramaten zituzten, eta banan-banan esekitzen zituzten. Lehortu ondoren, oraindik beste manipulazio batzuk egin behar izaten zituzten: kolatu, berriro prentsatu eta lehortu, eta azkenik satinatu.


          Satinatzeko orri batzuk hartzen zituzten, eta mazo handi batekin jotzen zituzten lisatu arte.
          Errota lanean zegoenean 4.500 paper-orri egunero egiten zituzten, eta prozesu osoa betetzeko hilabete osoa ematen zuten. Lan gogorra zen, benetan.


 
 

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada