2012/12/10

BARTZELONA KATALUNIAKO HIRIBURUA (amaiera)


Gerra zibila (1936- 1939) eta gerraoste gogorraren ondoren, 1957an Bartzelonan hazkunde-garaia hasi zen, baina hazkunde hori espekulazioan oinarritu zen. Espainiatik Kataluniara heldu ziren immigranteentzat lo-hiri bihurtu ziren Bartzelonaren nekazari-ingurumariak. Horrekin batera, azoken eta biltzarren hiria izaten hasi zen Bartzelona, baina sentsibilitate eskasa zuten agintariek biztanleen arazoen aurrean.
Hirugarren transformazio handia 1986an hasi zen. Urte hartan Bartzelona egoitza olinpiko izendatu zuten, eta horren ondorioz, auzo berri batzuk eraiki zituzten edo birmoldatuak izan ziren. Montjuïc aldean, Uztai-olinpikoa eraiki zuten. Uztai horretan Estadio Olinpikoa eta beste instalazio batzuk birmoldatu zituzten, eta San Jordi Jauregia eta komunikazio dorrea den Calatrava Dorrea eraiki zituzten.


Beste auzo batzuetan kirol-instalazio berriak eraiki zituzten: Hortan belodromo bat, Vall d’Hebronen kirol-instalazioak, Portu Olinpikoa Poblenou-en (Herriberrin), eta abar.


Joko Olinpikoetako parte hartzaileentzat zenbait hiribildu olinpikoak eraiki zituzten, haietako bat Portu Olinpikoaren ondoan.


Bartzelonaren azken transformazio handia 2004am gertatu zen Kulturen Foro Unibertsalaren antolaketarekin. Foroaren aitzakiarekin, Besos ibaiaren bokaletik gertu eremu handi bat urbanizatu zuten. Eremu horrek bi eraikin ditu: Forum Eraikina eta Nazioarteko Konbentzioen Zentroa. Gainera barrutiaren muturrean plaka fotovoltaiko handi bat egin zuten.



Bukatzeko aipatu behar dut 22@ Barrutia edo Berrikuntzaren Barrutia, antzinako industrialdea zegoen lekuan kokatua, Bartzelonako auzorik berriena da. Han enpresak, unibertsitateak, ikertze zentroak, trebakuntza eta transferentzia teknologikoko zentroak elkarrekin bizi dira etxebizitzekin, ekipamenduekin eta berdeguneekin.


Eta honaino nire Bartzelonako historiaren laburpena.

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada