Beste edozein
lekutan bezala, Katalunian ere “sorginak”
izan ziren. Hain zuzen ere, historikoki dokumentatuta ez egon arren, Centellesek
ospea du sorginen herria izateko. Esaera zaharrak dio:
|
Jaia iragartzeko kartela |
De Centelles, bruixes totes elles.
Centelleskoak,
sorginak guztiak
Horregatik
urtero Sorginen Gordelekua (Cau de bruixes) antolatzen da. Ez da ospakizun zaharra, modernoa baizik, 1987an
hasi zen eta. Aste batean zehar ekintza batzuk egiten dira: hitzaldiak,
erakusketak, …
Aurten,
astea hasteko, Kataluniako Historiaren Museoko zuzendariak oso hitzaldi
interesgarria egin zuen: Sorginen ehiza
XVI. – XVII. mendeetan zehar Katalunian.
Historialariaren arabera epaiketa eta exekuzio ugari izan ziren Europa osoan;
Katalunian 400en bat, baina Inkisizioaren idazki batzuen arabera, 1000 inguru.
|
Kataluniako lehenengo
sorginaren espedientea |
Sorginaren
ezaugarriak berberak dira beti: emakume zaharra, pobrea, alarguna edo familiarik
gabea eta portaera arraroa duena, eta, Espainiako iparraldeko kasuan, Frantzia
hegoaldetik etorriak. Oro har, salaketa baten ondorioz izaten ziren prozesuak
eta, gehienak, zibilak ziren, ez elizarenak ezta Inkisizioarenak ere. Jaun
feudalak edo herriko nobleak antolatzen zuen auzitegia eta, dirudienez, Elizako
hierarkiak sorginetan interes eskasa
izan zuen. Hala ere, berehala sorginak deabruaren jarraitzaileak zirela esan
zen, aker-itxurako deabruarenak. Orduan, Inkisizioa esku hartzen hasi zen
|
Malleus maleficarum-aren
irudiak |
Prozesu
guztietan gauza bera kontatzen da, eta XV. mendean argitaratutako Malleus maleficarum (Sorginen mailua) liburuaren
marrazkietan akelarre baten ustezko jarduerak ikus daitezke: umeen sakrifizioa
deabruaren omenez, alderantzizko
dantzak, musikari ezkerrak, edabeak egiteko erabiltzen diren animaliak,
sexu-harremanak deabruekin eta, bukatzeko, ukenduen prestaketa hegan egiteko.
Bereziki
ospetsuak izan ziren Lapurdiko eta Zugarramurdiko epaiketak XVII. mendean zehar.
Hala ere interesgarria da Alonso de Salazar inkisidorearen geroko txostena. Salazar-ek
dudan jartzen zuen sorginen benetako existentzia. 1614an, eta Inkisizioak
hausnarketa egin ondoren, prozesuak gutxitu egin ziren Espainian, baina
Katalunian hasi. Pirinioetako haranetan hasi zen ehiza, eta 1614tik 1621era
bitartean prozesu asko egin ziren Kataluniako erdigunean. 1622 urtean bukatu
zen sorginen ehiza.
|
Erraldoiak: Sorgina eta akerra |
Zergatik
iraun zuen gehiago ehizak Katalunian Espainian baino? Katalunian aginpide
zibilak botere handiagoa zeukalako Inkisizioak baino. Hala eta guztiz ere 1619an
eliz aginpideak dokumentu bat atera zuen. Hartan proposatu zen sorginak
jazartzearen bukaera, eta inkesta egin zen gotzainen artean eta amaitzea
erabaki zuten. Konponbide gisa gaia Inkisizioaren esku uztea proposatu zuten.
Baina agintaritza zibilek ez zuten onartu, zeren eta Kataluniako konstituzioak
ez zuen baimenik eman. Azkenean Kataluniako Errege-auzitegiak hartu zuen prozesuen
ardura. Auzitegiak indultua eman zien akusatu guztiei eta prozesuak itxi
zituen.
|
Kaleko giroa |
|
Denda baten erakusleihoa |
Eta orain jaia. Asteburuan hasten da jaia
zentzu hertsian esanda. Jaiegunetan ekintza asko ere antolatzen dituzte:
umeentzako tailerrak, mozorro lehiaketak, kalejirak erraldoi bereziekin, edari
magikoak dastatzea eta abar. Jende asko etortzen
da herrira, haien artean belar-saltzaileak, etorkizuneko aztiak, ipuin-kontalariak,
esoterismoan adituak, ... Eta Urteko sorgina izendatu ondoren, deabruen dantza da
azken jarduera.
|
Urteko sorgin batzuk |
Cap comentari:
Publica un comentari a l'entrada