2013/01/23

SAN ANTONIO ABADEA EGUNA

     Pasa den urtarrilaren 17an San Antonio Abadea eguna izan zen.

     Ez dakit Euskal Herrian ospatzen den egun hori, baina Katalunian festa egiten dugu santuaren omenez. Hala ere, jaieguna ez denez, ospakizuna gertueneko asteburuan egiten da.
 
     Apatx borobilak dituzten animalien zaindaria da S. Antonio eta, hedaduraz, etxe-abere guztiena, ganaduzaleena eta mandazainena, nahiz eta azken horiek jadanik ez egon. Hain zuzen ere, behinola mandazainen gremioak antolatu ohi zuen jaia. Orain, ordea, S. Antonio kofradiako kideak dira antolatzaileak.

      Centellesen, S. Antonio baselizako mezarekin hasten da jaia, eta meza bukatu ondoren, herri-gosaria egiten da baselizaren aurrean. Gosaria, beti bezala, butifarrak, ogiak, ardoak, urak eta kafeak osatzen dute. Hantxe bertan bidoi batzuk daude txingarretan butifarra eta ogia erretzeko, norbere gustura. 
     Eguerdi aldean, parte hartzaileak, prozesioan, baselizatik abiatzen dira. Prozesioaren aurrean banderaduna, gero, ondo apaindutako gurdi batean, S. Antonioren irudia, eta haren atzean zalgurdiak, gurdiak eta zaldikoak. Herriko plaza nagusira iristen direnean, apaizak bedeinkatu egiten ditu animaliak. Halaber, jende askok bere maskotak eramaten ditu hara (katuak, txakurrak, etab.) bedeinkatzera.
 
      Gauza bitxi bat kontatu behar dut. S. Antonio egunean eguraldi txarra egin zuen, eta ez dakit zeini bururatuko ote zitzaion, baina S. Antonioren irudia kapusai batekin estalita aurkeztu zuten; aurpegia bakarrik ikusten zen, eta txikia denez, mamua zirudien.

     Nondik inguratzen dituzte gurdiak orain erabiltzen ez badira?      Katalunian zenbait elkarte daude garai bateko gurdiak berreskuratzen ibiltzen direnak, eta gurdi horiek alokatzen dituzte egun honetarako. Gurdiek, aspaldian bezala, zama desberdinak eramaten dituzte: egurra, ikatza, barazkiak, …

 

     Zalgurdiak, berriz, jabetza pribatukoak dira, eta jabeek gidatzen dituzte.
     Centellesen zaldietarako zaletasun handia dago, eta bi zalditegi daudenez, zaldi eta zaldiko askok ere parte hartu zuten.

 
     Aurten, krisiagatik, gurdi gutxik  hartu dute parte. Horregatik, eta eguraldiagatik, jaia ez da beste urte batzuetan bezain polita izan.

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada